Archivo: Elhuyar

Bioingeniariek muga handi bat topatu izan dute 3D inprimagailuez giza organo funtzionalak sortzeko lasterketan: ez dute lortzen organoak oxigenoz eta elikagaiez hornituko dituen odol-hodien sarea sortzea, eta organoak endekatu egiten dira berehala. Washingtoneko Unibertsitateko ikertzaileek, ordea, lortu dute material biologikoekin bateragarri den sare baskular konplexua inprimatzea, eta Science aldizkarian argitaratu dute.

Tibeteko lautadan 3.280 metroko garaiaeran topatutako masailezur bat Denisova haitzulotik kanpo topatutako lehen denisovarra dela ondorioztatu dute ikertzaileek. 160.000 urte ditu, eta, haren bidez, baieztatu dute hango biztanleak gizaki modernoa iritsi baino askoz lehenagotik zeudela egokituta garaiera handietara.

Haizea Ziarrusta Intxaurtza EHUko ikertzaileak frogatu duenez, amitriptilina antidepresiboa, ziprofloxazin antibiotikoa eta oxibentzona ultramore-iragazkia arrainetan metatzen dira. Horrez gain, kutsatzaile horiek arrainen plasman, burmuinean eta gibelean albo-ondorioak eragiten dituztela ohartarazi du.

Nola atera argazki bat, definizioz hautemanezina denari? Hau da zulo beltzaren definizioa, Elhuyar ZTH Hiztegi Berrian: bertatik ez materiari ez argiari irteten ez uzteko adinako eremu grabitatorioa sortzen duen gorputza. Horren arabera, ezin zaio argazkirik atera. Alabaina, zulo beltz baten irudia erakutsi du, lehen aldiz, EHT (event horizon edo gertaeren muga) teleskopioko lantaldeak; M87 galaxiaren zulo beltza, hain zuzen.

Migrainarekin lotutako proteina batek sagu emeei mina eragiten die, baina arrei ez, Texasko Unibertsitatean egin duten ikerketa baten arabera. Horrek lagun dezake ulertzen zergatik emakumeek gizonek baino hiru aldiz migraina gehiago izaten duten. Journal of Neuroscience aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gaur egun gertatzen ari den klima-aldaketa ulertzeko, ezinbestekoa da iraganeko klimaren datuak izatea. Naima El Bani Altuna ikertzaileak gogorarazi duenez, baina, neurketa instrumentalak azken ehun urte ingurukoak dira, eta hori, eskala geologikoan, istant bat baino ez da. Hortaz, paleozeanografiaren tresnez eta metodoez baliatzen dira ikertzaileak, epe luzeko informazioa eskuratzeko. Horretan ibili da El Bani, Artikoan.

Distopiak genero literario bat dira, non etorkizuna kezkaz irudikatzen zaigun. Gizarte eta teknologiari buruz hausnartzeko aitzakia bat besterik ez da ariketa hori, une jakin bateko aurkikuntzek edota haien erabilerek nora eraman gaitzaketen plazaratzeko. Eta genetikak eta haren aurrerakuntzek ere abagunea eman dute gizadiari eta gizarteari buruzko gogoetak egiteko.

Zergatik irauten du emakume eta gizon zientzialarien arteko aldeak, eragileak ondo ikertuta eta dokumentatuta badaude, eta gaitsespen zabala badute? Galdera horri erantzuten saiatu dira Australia, Herbehereak eta Estatu Batuetako hiru unibertsitateko ikertzaileak, eta Trends in Ecology and Evolution aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Gero eta argiago dago dietak osasunean eragin handia duela. Eta gero eta argiago dago gure gizartean oso ohikoak diren gaitz askok lotura zuzena dutela dietarekin. Ezinbestekoa da, beraz, dieta osasungarri bat zer den garbi izatea. Badira ikuspuntu desberdinak eta desadostasunak, baina baita adostasun garrantzitsuak ere.

Emakumezkoen lehiaketetan parte hartzeko testosterona-maila mugatzea erabaki zuen iaz Atletismoko Federazioen Nazioarteko Elkarteak (IAAF). Arauaren arabera, gehienez ere 5 nmol/l-ko kontzentrazioa izan dezakete parte-hartzaileek odolean. Neurri horrek kritika asko eragin zituen, eta, orain, oinarri zientifikorik ez duela gogorarazi dute Cara Tannenbaum eta Sheree Bekker ikertzaileek, BMJ medikuntza-aldizkariaren editorialean.