Kultura Zientifikoari buruzko online masterra

Iruzkinik gabe

Datorren ikasturte akademikoan (2019-2020), UPV/EHUk eta NUPek Kultura Zientifikoari buruzko master propioa eskainiko dute, online emango dena.

Komunikazioaren eta kultura zientifikoaren arloan Espainiako unibertsitateek eskaintzen dituzten graduondoko ikasketen aukera aztertu ondoren, master honen sustatzaileek ondorioztatu genuen interesgarria litzatekeela kultura zientifikoari buruzko ikasketak eskaintzea askotariko profiletako profesionalentzat, besteak beste, kazetaritza zientifikoan interesa duten kazetarientzat, hainbat maila akademikoetako irakasleentzat eta dibulgazio zientifikoan aritu nahi duten pertsonentzat.

Xedea

Gure interesa urrun dago, batetik, arlo nagusiki akademikotik eta, bestetik, komunikazio arlo hutsetik, baina ez ditu bi horiek baztertzen. Aitzitik, gure asmoa da kultura zientifikoari buruzko ikaskuntzari dibulgazioaren ikuspuntutik heltzea, eta zientzien historiaren eta filosofiaren gaineko eduki solidoak txertatzea. Izan ere, ezagutza eta informazio zientifikoarekiko jarrera kritikoa erakusteko oso garrantzitsua da diziplinak garatu diren moduari buruzko oinarrizko nozioak edukitzea, baita denboran bildu den ezagutza zientifikoaren izaerari buruzko hausnarketa filosofiko aberatsari buruzkoak ere.

Zientziaren historia eta filosofia gure eskaintzan sartu ditugu, beraz. Gainera, logikoa denez, kultura zientifikoari buruzko master batek ezagutza zientifiko zehatz batzuk ere behar ditu. Halako neurriko ikasketetan, ezinezkoa da ezagutzen multzo handia lantzea. Bestalde, zientzien garapenean metatutako ezagutzak hain zabalak izanda, alferrikakoa izango litzateke zientzien panorama gutxi gorabehera osoa eskaintzeko asmoa. Horregatik, zientziei buruzko eduki esanguratsuak mugatzean, oinarrizko gai batzuk eta eguneroko bizitzako alderdiekin zuzeneko lotura izateagatik interesgarriak diren beste batzuk hautatu ditugu. Modu horretan, zientziaren funtzionamendua ilustratzeko adibideak eskaini nahi ditugu, oinarrizko prestakuntza zientifikoarekin batera.

Labur esanda, gure asmoa ez da zientziak irakastea, kultura zientifikoari buruzko ikuspegi zabala transmititzea eta ematea baizik, kultura zientifikotzat ulertuta ezagutzen multzo bat (hautatutako adibideak), horiek ikasteko modua, historia plurala eta horren izaerari eta gizartean zabaltzeko moduari buruzko hausnarketa.

Ezaugarriak

Masterra egitura modular bati jarraituz diseinatuta dago:

  • Burututako kredituen arabera titulu bat edo beste eskuratzeko (unibertsitate espezialista, aditua eta masterra).
  • 2 ECTSko ikasgaiez osatuta dago, bakoitza bost astean egin beharrekoa.
  • Irakasle gehienek kultura zientifikoari buruzko ekitaldietan parte hartzen dute (BZP, Zientziaren Astea, FZB masterraren hizketaldiak, etab.).
Helburua

Master hau titulu multzo moduan sortu dugu hainbat helbururekin: gizarteak zientzia hobeto ulertzen eta hautematen laguntzea; prestakuntza malguagoa, anitzagoa eta eskuragarriagoa eskaintzea Iberoamerikan eta kultura zientifikoa irisgarria, erakargarria eta zehatza izatea. Eta Eusko Jaurlaritzako eta Foru Gobernuko Hezkuntzako sailekin batera lan egiten dugu, zenbait estrategia eta egitasmorekin aliantzak sustatzeko, adibidez, STEAM eta STEM Planeta.

Arduradunak

Lau unibertsitate agentek zuzendutako proiektua da: UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedra; UPV/EHU-UNAMen “Filosofia, Zientzia eta Balioak” master ofiziala (Donostia); NUPen Kultura Zientifikoaren Katedra (Iruñea);

NUPen Kultura Zientifikoaren Unitatea (Iruñea); eta NUPen Unibertsitate-Gizarte Fundazioa (Iruñea). Masterraren Batzorde Akademikoa Antonio Casado da Rochak (UPV/EHU), Joaquín Sevilla Moróderrek (NUP) eta Juan Ignacio Pérez Iglesiasek (UPV/EHU) osatuko dute.

Izena ematea

Aurretiazko izen ematea egiteko, informazio gehiago jasotzeko edo bestelako zalantzak argitzeko interesa dutenek gure webgunera jo edo hurrengo helbidera idatz dezakete: m.cultura.cientifica@gmail.com. Twitterren ere aurkituko gaituzue (@CulturaCienti).

Eta ez ahaztu: ikasketak online emango dira, ezarritako ordutegirik gabe; beraz, ikasleen ordutegietara egokitzen dira.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>