Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako Ciencia Show bakarrizketa zientifikoen zikloan 29 ikastetxetako 1500 ikaslek parte hartu dute.
Big Van Ciencia taldearekin elkarlanean egindako egitasmoaren helburua da, bakarrizketa zientifikoen bitartez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleengan zientziarekiko jakin-mina sustatzea.
Aurtengo edizioak agerian utzi du Kultura Zientifikoko Katedrak antolatzen duen eta zientzia eta umorea biltzen dituen zikloaren arrakasta. Aurten, lehen aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan egin da: Bilbon Bizkaia Aretoko Mitxelena Aretoan, Gasteizen UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolako aretoa nagusian eta Donostian unibertsitateko Carlos Santa Maria Zentroko Antonio Beristain aretoan. Bakarrizketa horietan hainbat gai jorratu dira, hala nola, materialen ezagutza, klima aldaketa edo, ikuspegi zientifikotik, gazteei zergatik kostatzen zaien klasera goizetik joatea. Hitzaldi guztietan aforoa bete da eta 1500 ikaslek zikloan parte hartu dute arren, hainbat eskola itxaron-zerrendan geratu dira.
Bakarrizketa zientifikoen txapelketa
Ciencia Show egitasmoaren helburuen artean ikasleen parte-hartze aktiboa ere badago eta, hori dela eta, hiriburu ezberdinetan egindako ikuskizunen ondoren, ikasleen arteko bakarrizketa zientifikoen txapelketa hasten da.
Ikasleek gai zientifiko bat aukeratu eta, bakarrizketa formatuan, hori azaltzeko aukera izango dute. Bideoan grabatutako bakarrizketa zientifikoak aurkezteko epea martxoaren 3an bukatzen da eta martxoaren 30ean Euskal Autonomia Erkidego mailako finalerdia egingo da.
Haiek aukeratutako gaia online aurkeztuko dute finalerdietara heldu diren ikasleek eta bertan erabakiko da zein den Euskadi mailako bakarrizketa zientifiko onena. Irabazlea estatu mailako beste finalistekin Bilbao Zientzia Plaza ekimenaren barruan lehiatuko da.