Bizkaia Zientzia Plazak arrakasta berresten du hirugarren urtez

Iruzkinik gabe

Bizkaia Zientzia Plazaren (BZP) hirugarren edizioak eskema guztiak hautsi ditu. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak irailaren 18tik 25era bitartean antolatutako dibulgazio zientifikoko jaialdiaren arrakasta erabatekoa izan da: guztira, 20.000 pertsona inguru bildu ditu (9.000 pertsona inguru zuzenean eta 10.000 pertsona streaming bidez).

Bilboko Euskalduna Jauregian, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan eta Bidebarrietako Liburutegian, doako bost ekitaldi antolatu dira jarduera zientifikoa hainbat formatu eta erregistrotatik aztertzeko: hitzaldiak, ikuskizunak, tailerrak zein haurrentzako jarduerak.

Irudia: Euskalduna Jauregiko auditoriuma beteta 2019ako irailaren 21ean Naukas Bilbao ekitaldian. (Irudia: Iñigo Sierra / UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra)

“Publikoaren harrerak argi erakusten du herritarrek zientziarekiko eta, batez ere, kulturarekiko, duten interesa. Jaialdi hau iraganera begira hasi zen Bidebarrietan, Bilboko historiari lotutako pertsonaia den Torres Quevedo ingeniariaren asmakuntzak erakutsiz. Aldiz, etorkizunera begira amaitu da, Antonio Martinez Ronen hitzaldiarekin. Azken honek minbizia duten pertsonen bizitza hobetzeko zientziak zer-nolako lana egiten duen azaldu zigun”, adierazi du Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendari Juan Ignacio Pérez Iglesiasek.

Naukas, masa-fenomenoa

Naukas Bilbao izan da berriz ere ekitaldi nagusia, zientzia-dibulgazioaren arloko Estatuko ekitaldirik handiena, maila goreneko 100dik gora zientzialari eta dibulgatzaile bildu baititu. Ekitaldiak arrakastaz berretsi du publikoak egin ohi dion harrera beroa. Horren harira nabarmendu behar da, larunbat arratsaldean, 200 pertsona inguru Euskalduna Jauregiko Auditoriumera sartu ezinik gelditu zirela lekurik ez zegoelako (auditoriumak 2.164 pertsonarentzako lekua du).

Arrakasta presentzialaren parekoa izan da online ingurunean lortutakoa, izan ere, 10.000 pertsonak jarraitu dituzte hitzaldiak Interneten bitartez. Gainera, 2.772 erabiltzailek euskal erakunde publikoaren Kosmos kanala bisitatu dute, ostiralean eta larunbatean plataformara igotako bideoak ikusteko. Ostegunetik igandera bitartean, Naukasen edukia duten 72.031 orrialde kontsultatu ziren, guztira. Une hauetan, Naukasen edukia duten 125.000 orrialde baino gehiago kontsultatu dira.

Naukas Bilbao 2019 laburbiltzen duen bideoa.

Gehien ikusi diren bideoen artean Alfredo Garcia ingeniariaren “Operador nuclear: derribando mitos sobre la energía nuclear” (18.000 bisita) eta Gemma del Caño eta Marian Garciaren “Eurovisión de los huevos” hitzaldi-ikuskizuna (8.000 bisita) daude.

Era berean, arrakasta presentzialari eta streaming bidez lortutako audientzia bikainei kanal sozialen bitartez garatutako jarduera trinkoa gehitu behar zaie, izan ere, ostiralean antolatutako lehenengo jardunaldia Estatuko trending topic bilakatu zen. Guztira, 13.600 txiok eta 4.100 parte-hartzailek erabili zituzten #NaukasPro19, #Naukas19 eta #NaukasKids19 traolak ostegunetik igandera bitartean. #BZP19 traola ere asko erabili da, 750 erabiltzaile aktibo, 2.700 txio eta 30 milioi inpresiorekin.

Naukas Pro ekitaldiaren barruan, 8 ikertzailek ezagutzera eman dituzte beren ikerketa-proiektuak Euskalduna Jauregiko Barria Aretoan, 500dik gora pertsona erakarriz eta erabateko arrakasta lortuz.

Irudia: Naukas Pro 2019ko zortzi hizlariak. Ezkerretik eskuinera: Amanda Sierra (eserita), Virginia Arechavala, Carlos Díez, Aran Garcia-Lekue, Ana Zubiaga, Elisa Sainz de Murieta, Héctor Socas y Juan Manuel Bermúdez (eserita). (Argazkia: Iñigo Sierra / UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra)

Etxeko txikienek ere zientziaz gozatzeko aukera izan dute, guztira 1.000 pertsona inguru biltzea lortu duen Naukas Kids ekitaldiari esker. Horrela, hainbat tailerren bitartez, neska-mutilek bertatik bertara egiaztatu dute zer sentitzen duen astronauta batek eta zientziaren alderik erakargarriena ezagutu ahal izan dute “Circociencia” ikuskizunari esker.

Irudia: Circonciencia emanaldiaren une bat Naukas Kids ekitaldian. (Argazkia: Iñigo Sierra / UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra)

Ciencia Show

Gazteei zientzia eta teknologia modu atsegin eta dibertigarrian hurbiltzea xede duen Ciencia Show monologo-lehiaketaren finala BZParen barruan antolatu da, 130 ikusle erakarri dituelarik.

Irudia: Ciencia Show 2019ko finala Bilboko Euskalduna Jauregian. (Argazkia: Iñigo Sierra / UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra)

Bidebarrieta Zientifikoa

Aurten, berritasun bezala, ekitaldia Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi zikloaren hasi eta bukatu da; hasieran, Francisco A. González Redondorekin (230 ikusle), eta amaieran, Antonio Martínez Ronekin, Naukasen sortzaileetako batekin. Azken hitzaldi honetan ere aretoa guztiz bete zen eta 270 ikus-entzule bildu ziren Bidebarrieta liburutegian.

Irudia: Bidebarrieta Liburutegiako aretoaren irudia Bizkaia Zientzia Plazaren azken ekitaldian. (Argazkia: Iñigo Sierra / UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra)

 

BZPren zenbakiak:
  • Bidebarrieta Zientifikoa, irailak 18: 230 ikusle
  • Ciencia Show finala, irailak 19, goizean: 130 ikusle (aforo osoa)
  • Naukas Pro, irailak 19, arratsaldean: 540 ikusle aretoan.
  • Naukas Bilbao, irailak 19, goizean: 1.358 ikusle
  • Naukas Bilbao, hilak 19, arratsaldean: 1.477 ikusle
  • Naukas Bilbao, hilak 20, goizean: 1.558 ikusle
  • Naukas Bilbao, hilak 20, arratsaldean: 2.164 ikusle (aforo osoa)
  • Naukas Kids, hilak 22, goizean: 1.000 ikusle (aforo osoa)
  • Bidebarrieta Zientifikoa, irailak 25: 270 ikusle (aforo osoa)

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>