Archivo: Elhuyar

Zika birusaren eta mikrozefalia zein beste gaixotasun neurologiko batzuen arteko lotura frogatutzat eman du Estatu Batuetako Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak (CDC).

GIB birusarekiko erresistentzia emateko helburuarekin, giza enbrioien genoma eraldatu dute Txinan, CRISPR teknologiaren bidez.

473 gene; horiek dira bakterio batek bizirik irauteko eta ugaltzeko behar dituen gutxieneko geneak. Hala frogatu du Craig Venterren taldeak, Science aldizkarian argitaratu duen ikerketan: Design and synthesis of a minimal bacterial genome.Syn3.0 deitu diote, eta bizitzaren oinarria ezagutzeko bidean lorpen garrantzitsutzat jo dute ikertzaileek.

Bi X kromosoma izateak gaixotasun autoimmuneak izateko joera handitzen duela ondorioztatu du Pennsylvaniako Unibertsitateko ikertzaile talde batek. Ikusi dute emakumeen linfozitoetan X kromosometako bat ez dela guztiz isiltzen, eta horrek kasu batzuetan gaixotasun autoimmuneak eragin ditzakeela.

Hezurren Osineko fosilen DNA nuklearra aztertuta, ondorioztatu dute duela 430.000 urteko gizaki haiek ahaidetasun handiagoa zutela neandertalekin, denisovarrekin baino. Aurrez, DNA mitokondrialaren analisi batek kontrakoa iradoki zuen. Ezusteko emaitza izan zen, hezurren morfologia neandertalenaren oso antzekoa baitzen. Orain, DNA nuklearraren analisiak neandertalen lerrokoak zirela berretsi dute.

Orain, gure leinuko genero eta espezie horien taldea izendatzerakoan zein izen erabili beharko genuke? Batzuk “hominido” hitza erabiliko lukete; beste batzuk, aldiz, “hominino” izendatuko lituzkete eta aipatu beharra dago azken termino hau dela gaur egun zientzialarien artean hobesten dena. Baina badaude oraindik hain ezagunak ez diren beste aukera batzuk, hala nola, “hominineak” eta “hominoak”.

Kaskabeltz japoniarraren (Parus menor) kantua aztertuta, txorien komunikazioa ikertzaileek uste zutena baino konplexuagoa dela ikusi dute, gaur bertan Nature Communications aldizkarian argitaratu den lanaren arabera. Izan ere, kaskabeltzek hainbat oinarrizko nota erabiltzen dituzte kanturako, baina haiek konbinatuta esanahi anitzeko deiak sortzen dituztela ikusi dute, gizakiok ere hitz mugatu batzuekin esanahi desberdineko esaldiak sortzen ditugun bezala.

Estresak minbizia hedatzea eragiten du, sistema-linfatikoaren bidez. Ondorio horretara iritsi da nazioarteko ikertzaile-talde bat, saguekin egindako ikerketa batean. Estres kronikoak hodi linfatikoen kopurua eta diametroa handitzen duela ikusi dute, eta horrek minbizi-zelulak hedatzea errazten duela.

Ebolari aurre egiteko antigorputz oso eraginkorrak isolatu ditu nazioarteko ikertzaile talde batek, 1995eko Kikwiteko (Zaire) izurritik bizirik ateratako pertsona baten laginetik. Gaur Science aldizkarian argitaratu dutenez, tximinoekin egin dituzten probetan oso emaitza onak lortu dituzte, baita tratamendua birusarekin infektatu eta bost egunetara hasita ere.

Australiako Osasun Sailak agindutako ikerketa batean homeopatiaren eraginkortasuna aztertu dute 68 gaixotasunetan. Eta ondorioztatu dute bakar batean ere ez dela plazeboa baino eraginkorragoa.