Bidebarrieta Zientifikoa: “Eboluzioa genero-ikuspegitik”

Iruzkinik gabe

genero-ikuspegitik

Nork esan du zientzia neutroa dela? Edozein giza-jardueratan gertatzen den bezalaxe, zientziaren kasuan ere, hainbat faktorek baldintzatu, mugatu eta are alde batera ala bestera makurraraz dezakete. Horren harira, giza-eboluzioari buruz egin izan den interpretazio konbentzionala zientziak jasandako mugapenen adibide garbia da.

Alde batetik, interpretazio baldintzatu hori aurkitu eta aztertutako fosilen eskasiaren ondorioa izan daiteke, batez ere kontuan hartuta fosilei dagokien hedadura geografiko eta kronologiko izugarri zabala. Bestetik, bakarrik enpirikoki azter daitekeena egiazkotzat jotzeko dagoen joera zientifizistak ere murriztu eta bigarren mailara baztertu ditu espeziearen bilakaera ezagutzeko garrantzi handia duten jarduera asko, hala nola, edoskitzea, haziera, ezagutzaren transmisioa edo ehiza. Azkenik, nabarmentzekoa da, oraintsu arte, arkeologia eta beste zientzia batzuk gizonek garatu eta interpretatu izan dituztela nagusiki, eta gizonezkoa historiaren erdigune eta protagonista duen ikuspegi androzentriko horren ondorioz, litekeena da eboluziorako funtsezkoak diren alderdi batzuk baztertu izana, emakumea askotan bigarren mailan utziz.

Testuinguru honetan, eta eboluzioaren errealitate egiazkoagoa eta inklusiboagoa erakusteko asmoz, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, UPV/EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak eta Bidebarrieta Liburutegiak “Eboluzioa genero-ikuspegitik” izenburuko ekitaldia antolatuko dute irailaren 22an, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Ekimenean paleontologian, biologian, geologian eta bestelako esparruetan diharduten lau hizlarik parte hartuko dute, eta formatu atsegi baten bitartez, giza-eboluzioa sexu-joerarik gabeko ikuspegi zabal batetik jorratuko dute.

Eboluzioaren ikuspegi ‘morea’

Giza-eboluzioaren fosil ikoniko askok izen propioa dute (Cro-Magnoneko gizona edo Elvis, kasu) eta kultura herrikoian txertatu dira. Arratsaldeko lehen hitzaldian, “Famosas desconocidas de la Evolución Humana” (Giza-eboluzioaren emakume ospetsu ezezagunak) izenburupean, Asier Gómez Olivencia paleontologoak jendaurrean aurkeztuko ditu eboluzioaren emakume-izen ezagunenetako batzuk, hala nola, Ardi, Selam, Lucy, Benjamina edo Tabun C1 emakume neandertala.

Jarraian, “Las mujeres en los estudios sobre Evolución Humana” (Emakumeak Giza Eboluzioari buruzko azterlanetan) izenburua daraman bigarren hitzaldian, Carmen Manzano biologoak argi utziko du gizakiak kultura erabili duela inguruneko aldaketetara egokitzeko, eta animalien artean parekorik ez duen egokitzeko modu horren ondorioz, oso zaila dela balioetatik aske dagoen zientzia objektibo bati buruz hitz egitea. Ildo horretan, emakumeak espeziearen biziraupenean izandako lana eta eginkizuna ezagutzera emateko, Manzanok giza-bilakaerari buruzko azterlanetan emakumeen irudikapena nola landu den aztertuko du.

Bestalde, paleontologia da ilustrazioaren premiarik handiena duten arlo zientifikoetako bat, ez baitago lekukotasun grafiko nahikorik aurkikuntzak eta ebidentziak azaldu ahal izateko. Ildo horretan, giza-eboluzioarekin lotutako ilustrazioek ezin hobeto islatzen dute gure gizartean egon den eta dagoen genero-desberdintasuna. Hori dela eta, arratsaldeko hirugarren hitzaldian, “El sesgo de género a través de la ilustración científica” (Genero-joera ilustrazio zientifikoaren bitartez) izenburupean, Vega Asensio biologo eta ilustratzaile zientifikoa ilustrazioen xehetasunei erreparatzearen garrantzia nabarmentzen saiatuko da, izan ere, askotan antzematen ez diren xehetasun horiek denboran iraun ohi duten eduki zientifiko okerrak sortzen laguntzen dute, luzera begira genero-joera handiagoa erraztuz.

Laugarren eta azken hitzaldia Arantza Aranburu geologoak emango du. “Y… ¿qué aporta la geología a la evolución humana?” (Eta… zer ekarpen egin dio geologiak giza-eboluzioari?) izenburupean, xehetasun osoz azalduko du giza-eboluzioa, ia osorik fosilen azterketatik ateratako datuen bitartez eraikia, sedimentuetan bildutako DNAren erregistrotik lortu diren ekarpenekin osatzen ari dela azken urteotan, eta horien arabera argi geratu omen dela, fosilak ugariak ez diren lekuetan ere, hominidoen (eta bestelako ornodunen) presentzia egiazta daitekeela. Gainera, hitzaldian, geologiak giza-eboluzioari egindako beste ekarpen batzuk ere ezagutu ahal izango dira, izan ere, horiei esker, fosilizazio-prozesuak ulertu, ingurune jakin batean nagusi ziren prozesu naturalak interpretatu eta data zehatzak jarri ahal zaizkie zenbait prozesu eta fosili.

Gonbidapenak erreserbatzea

UPV/EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritza ere partaide duen ekimen hau UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak bultzatutako Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren barruan antolatu da. Ekitaldia bertatik bertara ikusi ahal izango da, baita streaming bidez ere KulturguneaTB kanalaren bidez.

Hitzaldia liburutegian bertan entzun nahi dutenek sarrera online erreserbatu behar dute aldez aurretik, Bilbao Kultura gunearen bitartez. Sarrerak doakoak dira.

Hizlariak

Asier Gómez ornodunen arloko paleontologoa da, giza-eboluzioan aditua. Egun, Ramon y Cajal kategoriako ikertzailea da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Atapuercako Ikerketa Proiektuari lotuta dago 2001az geroztik eta FECYTen doktoretza ondoko ikertzailea izan da University of Cambridgen (2010-2012) eta Marie Curie kategoriako ikertzailea Parisko Musée de l ‘Hommen (2013-2014).

Carmen Manzano biologoa da, eta 1986tik erretiroa hartu arte, UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko Antropologia Fisikoko irakaslea izan da. Gainera, ikerketa-proiektu ugaritan parte hartu du, baita Populazioen Genetikarekin, Auzitegi-Genetikarekin zein elkarketa genetikoari buruzko azterlanekin lotutako gaien inguruko 50etik gora argitalpenetan ere, inpaktu handikoaldizkarietan.

Vega Asensio Biologian doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) eta ilustrazio zientifikoari buruzko lehen graduondokoa koordinatzen du unibertsitate berean. Orain arteko ibilbide profesionalean, ikertzailetzat ikasi eta lan egin du Europako Europako hainbat unibertsitatetan. 2011n, komunikazio eta dibulgazio zientifikoa hobetzeko premiak bultzatuta, NorArte Visual Science ilustrazio zientifikoaren estudioa sortu zuen, marrazkigintzarekiko eta zientziarekiko grinak uztartuz.

Arantza Aranburu geologoa UPV/EHUko Geologia Saileko irakaslea da 1992az geroztik. Arroka sedimentarioetan jasotako historia geologikoak deszifratzea du ikerketa-jardunaren ardatz. Gainera, 20 urte baino gehiago daramatza Atapuercako proiektuan, eta karst, ibai zein itsas erregistroen bitartez, egungo paisaia, egungoaren azpikoa eta iraganekoa interpretatzeko lanetan dihardu.

Xehetasunak

Hasiera data:
2021ko irailaren 22a
Amaiera data:
2021ko irailaren 22a
Ordutegia:
19:00etatik 20:15etara

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>