“Ezezaguna” hitzaldi zikloa Bidebarrieta Liburutegian

Iruzkinik gabe

Bilboko Bidebarrieta Liburutegian bi hitzaldi antolatuko dira otsailean eta martxoan, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak bultzaturiko “Ezezaguna” zinema eta zientziari buruzko zikloaren bigarren edizioaren barruan.

Komunitate zientifikoaren azken aurrerapenak herritarrei ezagutzera ematea da UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bizkaiko hiriburuko liburutegiak elkarlanean antolatutako hitzaldi hauen helburua.

Ana Zubiaga genetistaren hitzaldia – otsailaren 20an

Lehenengo hitzaldia, “Zaude lasai, guztiok gara mosaiko genetikoak-eta” izenburua daramana, UPV/EHUn irakasle dabilen Ana Zubiaga Elordieta genetistak emango du otsailaren 20an, 19:00etatik aurrera. Minbiziaren biologian eta genetikan espezializatutako ikertzaile honek genetikaren arloan egindako azken aurrerak azaldu eta giza-genomaren ezkutuko sekretuak argituko ditu.

Ana Zubiaga biologian doktorea eta genetikako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Doktore ondoko ikertzailea izan zen Tufts eta Harvardeko (AEB) unibertsitateetan, eta bertan espezializatu zen minbiziaren garapenari eragiten dioten geneen erregularizazioari buruzko ikerketan. Egun, Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalia-Fisiologia Sailean lan egiten du. Minbiziaren biologia du ikerketa-eremu eta Biologia Molekularreko eta Biomedikuntzako Masterraren arduraduna da.

Raúl Angulo astrofisikariaren hitzaldia – martxoaren 6an

Bigarren hitzaldia, “El Universo en un supercomputador” (Unibertsoa superkonputagailu batean) izenburua duena, Donostia International Physics Centerren (DIPC) Ikerbasqueko ikertzaile gisa lanean diharduen Raúl Angulo astrofisikariak eskainiko du martxoaren 6an, 19:00etatik aurrera.

Kosmologia konputazionalean trebatutako ikertzaile honek astrofisika modernoaren adar honetan egindako azken aurrerapenen berri emango du hitzaldian. Esparru honetan azken urteotan gauzatutako ikerketei esker, Unibertsoaren sorkuntza eta bilakaerari buruzko aurkikuntza garrantzitsuak egin ahal izan dira.

Hitzaldian, Angulok zehaztasun osoz azalduko digu nolako erabilpena ematen dieten astronomoek munduko ordenagailurik handienei, mila milioika urteko eragina duten fisikako legeak simulatzeko. Simulazio hauei esker, egungo zientzialariek inguruko errealitate astronomikoaren nondik norakoak azaldu eta Unibertsoari buruzko galdera berri bezain zirraragarriak egiteko aukera dute.

Sarrera: librea, doakoa baina gonbidapenarekin

Hitzaldi guztietarako sarrera librea eta doakoa da lekuak bete arte, baina aurretik, gonbidapenak eskuratu behar dira liburutegian bertan. Ana Zubiagaren hitzaldirako gonbidapenak otsailaren 15etik aurrera jaso ahal izango dira, eta Raul Anguloren hitzaldirako sarrerak martxoaren 1etik aurrera.

Gonbidapenak jasotzeko ordutegia 10:00etatik 14:00etara bitartekoa da goizez eta 16:00etatik 20:00etara bitartekoa arratsaldez, astelehenetik ostiralera.

Bertaratzeko aukerarik ez dutenek hitzaldiak streaming bidez ikusi ahal izango dituzte esteka honen bitartez.

Xehetasunak

Hasiera data:
2019ko martxoaren 6a
Amaiera data:
2019ko martxoaren 6a
Ordutegia:
19:00etatik 20:30etara

Egoitza

Tokia:
Biblioteca Bidebarrieta
Helbidea:
Bidebarrieta 4
Hiria:
Bilbao

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>