Nazioarteko kongresua: Artea, Ilustrazioa eta Kultura Bisuala Haur eta Lehen Hezkuntzan

Iruzkinik gabe

“Haurren eta kultura bisualaren arteko harremanak gero eta konplexuagoak eta estuagoak dira”. Hala planteatu du gaia Imanol Aguirrek, ‘Artea, Ilustrazioa eta Kultura Bisuala Haur eta Lehen Hezkuntzan’ Nazioarteko Kongresu entzutetsuko batzorde zientifikoko buruak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak, irakasleen eta ikertzaileen foro izango den 4. kongresu honen aurkezpenean. Hezkuntza zikloetako irakasleei eta, hezkuntza artistikoarekin lotutako gaietan, besteak beste, arte bisualetan, sormenean eta ilustrazioaren aukera didaktikoetan, interesa duen orori zuzenduta dago.

‘Artea, Ilustrazioa eta Kultura Bisuala Haur eta Lehen Hezkuntzan’ Nazioarteko Kongresua antolatu dute Universidad del país Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Granadako Unibertsitateak, Bartzelonako Unibertsitateak, Aveiroko Unibertsitateak (Portugal) eta Errepublikako Unibertsitateak (Uruguai), Tabakalera zein hezkuntzako eta kultura bitartekaritzako beste erakunde batzuekin batera. Granada, Aveiro eta Montevideoko edizioen ondoren, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, Donostian, egingo da IV. edizioa, ekainaren 29tik uztailaren 1era.

Zazpi herrialdetako ikertzaileak

Kongresua hasi baino egun batzuk lehenago, beteta daude plaza guztiak, eta 200 bat izen emate egin dira. Kongresuko parte-hartzaileek aukera izango dute, aitortutako ospea duten ilustratzaile eta bitartekarien, esaterako, Alejandro Cevallos, Anna Majó edo Nivola Uyáren, hitzaldietara joateko, eta hainbat gairi buruzko 8 lantegitan parte hartzeko, hala nola gai hauei buruzkoetan: erakusketak irakasteko baliabide gisa, fanzine bat egitea, ibilbide bat Donostiako kaleetan barrena, eta artisau hezkuntza.

Alabaina, ekarpenen kalitatea da kongresu honen ezaugarrietako bat da, 2010ean hasi zenetik. Izan ere, artearekin, hezkuntzarekin eta kultura bisualarekin lotutako egungo ikerketari buruzko ikuspegi bat eskaintzen dute. Edizio honetan, osotara, 88 komunikazio egingo dituzte, zeinak bikotekako azterketa prozesu baten ondoren onartu baitira. Kongresua egiten den egunetan, komunikazioak egin dituzten 122 egilek, 7 herrialde eta 3 kontinentetakoak (Espainia, Brasil, Portugal, Txile, Erresuma Batua, Hegoafrika eta Kolonbia), 4. edizio honetako ildo nagusiei buruz eztabaidatuko dute: artearen, ilustrazioaren eta haurren arteko bitartekaritza politikak; eredu eta estrategia didaktikoak ikuspegi kritiko batetik, bai eta hezkuntza formal eta ez formalarekin lotutako esperientzia praktikoen balioespen eta analisia ere. Edukiak azaltzeko dinamikaren berritasunetako bat izango da Power Point gabe egingo direla eta 3 minutu baino gutxiago iraungo dutela aurkezpenek, eztabaida eta esperientzia eta iritzi trukea sustatzeko.

Esperientzia profesionalean oinarritutako programa

2017ko kongresuaren programak ikuspegi erabat praktikoa du, esperientzia profesionalen ekarpenean eta ilustrazioaren edo hezkuntza bitartekaritzaren munduen errealitateetan oinarritua. Alejandro Cevallos arte irakasle eta bitartekariak artearen eta ikus-entzunezko baliabideen bidezko aktibismoko eta gizarte inklusioko esperientzia batzuk azalduko ditu. Lan ildo horretan, zeina irakaskuntza ez arautuko testuinguruetan oinarritua baitago, oso baliagarria izango da Galtzagorri Elkartearen esperientzia, “Itsaspeko Bihotzak” literatura aretoaren proiektuari buruzkoa; bai eta Anna Majó eta Teresa Viñalsen esperientzia ere, Escola Dovella irakasle kooperatibaren ingurukoa, zeina lan proiektuen hezkuntza ikuspegian espezializatua baitago; horietaz gainera, ilustrazioarekin, kultura bisualarekin eta arteen irakaskuntzarekin lotutako esperientzien ekarpenak ere ezagutuko ditugu, hala nola Estibaliz Aberasturi-Apraizek Artikertuz proiektun izandako esperientzia. Tabakalera, kultura bitartekaritzan eta bitartekaritza artistikoan ibilbide luzea duen erakundea, izango da kongresuaren egoitza, eta, hain zuzen, Tabakalerako bitartekaritza taldeko kideek berek ere hitzaldi bat emango dute kongresuan.

Baraja Miradas karta sorta eta lantegiak

Kongresuko parte-hartzaileei ikasteko aukera ematen diete lantegiek. Izan ere, parte-hartzaileak harremanetan egongo dira profesionalekin, hala nola Andrea Arrizabalaga, Monserrat Rifá, Regina Guerra, Sara López, Melodie Martin, Ana Goy, Nivola Uyá hizlaria eta Magumarekin. Hain zuzen, Maguma ilustratzaileak, zeinak besteak beste El País egunkarian edo Forbes aldizkarian argitaratu baitu, lantegi hau emango du: “Sormen ilustrazioa: konta dezagun ipuin bat”. Prestakuntza proposamen hori eta Miriam Peñaren “Ikuspegiak nahasiz, munduak eraikiz” lantegia Baraja Miradas izeneko proiektuaren barruan daude. Fournierrek babestu eta editatutako proiektua da, zeinean 40 artistak karta sorta bat sortu baitute, egunerokotasunari buruzko begirada berri bat eskaintzen duena. Proiektu hori ikusgai egongo da “Maguma eta 40 begirada” izeneko erakusketan, Aieteko kulturguneko (Donostia) ilustratzailearen txokoan, ekainaren 28tik irailaren 17ra. Horretaz gainera, kongresuko parte-hartzaileek doako zaintza-zerbitzu eta arte-tailerra izango dute beren seme-alabentzat. Laboral Kutxak babesten du, eta 4 urtetik 12 urtera bitarteko haurrentzat da, parte-hartzaileek familia, lana eta irakaskuntza uztar ditzaten, eta kongresuak eskaintzen dituen aukera guztietan parte har dezaten.

Xehetasunak

Hasiera data:
2017ko ekainaren 29a
Amaiera data:
2017ko uztailaren 1a
Ordutegia:
09:00etatik 14:00etara
Informazio gehiago:
Ekitaldiaren webgunea

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>