Archives: Elhuyar

Karen Uhlenbeck matematikari estatubatuarrak “ekuazio diferentzial partzial geometrikoetan egindako ikerketak” saritu ditu 2019ko Abel Sariak; hala nola, gaugeren teorian eta sistema integragarrietan egindako ekarpenak, Norvegiako Zientzia eta Letren Akademiak adierazi duenez. 2003ean banatzen hasi zirenetik, Abel Saria jasotzen duen lehenengo emakumea da Uhlenbeck.

Edizio genetiko heredagarriak klinikan ez erabiltzeko akordioa eskatu dute zazpi herrialdetako adituek. Sinatzaileen artean daude CRISPR edizio-teknika garatu zuten Emmanuelle Charpentier eta Feng Zhang; eta AEBko NIH Osasun Institutuak ere babestu du eskaera.

Zortzi urte igaro dira lurrikara batek lehenik, eta tsunamiek ondoren, Daiichi zentral nuklearra suntsitu eta hondamendi nuklearra gertatu zenetik. Larrialdiko eta epe luzeko neurriak hartu zituzten, baina oraindik nabarmenak dira ondorioak.

Birdeszentralizatzea. A ze hitz konplexua! Nire burua defendatzeko esango dut Xuxenek onartzen duela. Baina zer esan nahi du weba birdeszentralizatzeak? Jatorrian, informatzeko eta komunikatzeko tresna edo baliabide deszentralizatua zen weba; hau da, pentsatua zegoen informazioa sare osoan banatuta egoteko. Baina, poliki-poliki, informazioa eta komunikazio-zerbitzuak korporazio handi gutxi batzuen esku geratzen joan dira; alegia, zentralizatzen. Hori guztia irauli eta sarea berriz ere deszentralizatzeko (birdeszentralizatzeko) asmoz, ekimen eta tresna ugari ari dira sortzen aspaldian. Ezagut ditzagun.

Bigarren aldiz, hiesa zuen paziente bat sendatzea lortu dute. Hezur-muineko transplantea egin zioten, Hodgkinsen linfoma ere bazuelako eta bizirauteko beharrezkoa zuelako. Bide batez, ordea, GIB birusarekiko erresistentea den pertsona baten hezur-muina transplantatu zioten; alegia, birusaren sarrera eragozten duen D32 mutazioa duena CCR5 hartzaileeetan. Transplantearen ondoren, ez dute birusaren arrastorik ikusi ikertzaileek: ez odolean, ez eta birusa gordailuetan ezkutatuta ere. Eta transplantea egin ziotenetik, ez da birusik agertu, ezta botika erretrobiralak hartzeari utzita ere. Era guztietara, zuhur jokatu eta guztiz sendatuta dagoela ziurtatzeko denbora gehiago itxoin behar dela onartu dute ICISTEM lan-taldeko ikertzaileek.

Opiodeen krisia AEBek izan duten “osasun-hondamendirik handienetako eta konplexuenetako bat” dela adierazi du AEBetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDA), kaleratu berri duen prentsa-oharrean. Berez, krisi horri aurre egiteko neurri berriak iragartzen ditu oharrak, baina, haien berri eman aurretik, FDAk izurriaren neurria agerian jarri du, eta aitortu du orain arte hartutako neurriak eskasak eta, batzuetan, desegokiak izan direla.

“Houston, arazo bat izan dugu hemen” entzun zenean, ez zegoen kontrol-zentroan. ABCko kazetari batek deitu zionean jakin zuen oxigeno-tanga batek eztanda egin eta Apollo 13-ko hiru astronautak egoera arriskutsuan gelditu zirela. Haiek bueltan ekartzeko zer egingo zuten jakin nahi zuen kazetariak. Telebista piztu zuen. Eta berehala pentsatu zuen: “Hobe izango dut zentrora joatea”.

Duela 200.000 urte inguru Praileaitz I kobazuloan (Deba, Gipuzkoa) gizakiak egon zirela erakusten duten aztarnak topatu dituzte, hala nola haiek erabilitako harrizko tresnak eta jandako animalien fosilak, tartean elefanteen familiako ugaztun handi baten hezurrak.

Doitasun handiko datazio-teknikak erabiliz, duela 66 milioi urteko suntsipen masiboa nola gertatu zen argitzeko saiakera berri bat egin dute bi ikerketa-taldek. Biek ondorioztatu dute, asteroideaz gain, bolkanismoak eragina izan zuela, baina oso modu desberdinean.

Itoitz-Nafarroako Kanalak nekazaritzan izan dituen ondorioak aztertu dituzte BC3-ko ikertzaileek, eta ondorioztatu dute ureztatze-sistema horrek zaurgarriagoa egin dituela, batez ere, nekazari txikiak, baina, baita handiak ere. Regional Environmental Change aldizkarian argitaratu dute ikerketa.